XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erregina AEKn

Espainiako errege-familiek Donostian egin izan zituzten egonaldiek bide eman izan dute hainbat gertaera, pasadizo edo xelebrekeriatarako: Xiriloren lanak, Maria Cristina eta kokotxak, Victoriaren lorontzia, Alfonso XIII.aren auto matxuratua edo nobiari bisita egitetik zetorrenekoa...

Joxemaritartasuna, koxkerotasuna edo donostiarkeria osatzen duten ipuintxoak dira, inondik ere. Ez zuten alferrik izendatu Maria Cristina ohorezko alkate, ez zioten debaldetan eman hiriaren lehen urrezko domina, berrogeita bat urtez etorri zen udatiar.

Esaten dute, kontatu izan da, Maria Cristina erregina eta Asturiasko Printzesa Hernanin festa batean zeudelarik txapel gorri bat oparitu ziotela printzesa horri, eta esaten da, kontatzen digute, polito esaten omen zuela txapelaren izena, alegia, gauza zela hitz hori txukun ahoskatzeko (pronunciaba bastante claro).

Alabak euskaraganako hainbesteko erraztasuna zeukala eta, ama berotu egin omen zen ikasteko. Aieteko kaperan, jauregitik hurbil, igandero meza ematen zuen Gaspar Oregi hartu omen zuen irakasle. Maisu ona aholkatu edo aukeratu zioten benetan, Oregi honek esperientzia zeukan Diputazioak antolaturiko klaseak ematen, eta lantxo batzuk ere argitaratuak zeuzkan hizkuntzaz.

Hasieran dena oso ongi omen zihoan, hiztegia lantzen zutenean, baina ur handiagotan sartu orduko (harrapatzenbaldinbazaitut ikasi behar izan zuenean, esaten da) erreginak etsi egin zuen.

Hala esan omen zuen, edo halatsu. Euskara, gure euskara, gure hizkuntza maitea, ezin dezake edonork ikasi... Harro kontatzen zaigu. Izan ere, erreginak hungariera nahiago zuela ere esan omen zuen.

Zer uste zuen Maria Cristinak zela enamoratzia, sillan eseri eta...? Nahita lotzen dira lotu behar ez diren hitzak euskararen luzea indartzeko, nahita asmatzen dira atsoaren ikarak gure xelebrekeria markatzeko.